2013-11-21

Nahikari Ayo, Getxoko Euskara Saria. Zorionak!



Ondo merezitako aitorpena, bai horixe!! zorionak Nahikari eta aurrera!

Hona hemen udaletik emandako informazioa:

"Nahikari Ayo romotarrak jasoko du Argia Ereiten Euskara Saria datorren azaroaren 28an, 20:00etan, Biscaytik Areetako Bake Eder Ezagutza Zentroan ospatuko den ekitaldian. Getxoko Udalak euskararen erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmentzen diren Getxoko erakunde, elkarte edo pertsonak goraipatzen ditu Sariarekin. Laugarren edizioa Nahikari Ayorentzat izan da, duela hamar urtez geroztik udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzako klaseak ematen dabilenarentzat, ume eta gazteen artean euskararen erreferente bihurtu delako. Ayok ikastetxeetan bertsolaritza, euskara eta ondo pasatzea lotzea lortu du eta hori oso garrantzitsua da gazteentzat. Horretaz aparte, ALBE Algortako Bertsolari Eskolan ere ematen ditu klaseak; bertsoak kantatzen ibiltzen da, eta baita epaile eta gai-jartzaile lanetan ere. Ekitaldian, euskaltzale getxotarren esker ona edukitzeaz gain, Luis Artola artisauaren egurrezko eskultura ere jasoko du Nahikari Ayok.

Nahikari Ayo oso pozik dago, Saria ez zuelako espero eta horrelako gauzak beti hartzen direlako gustura, “gehien bat, azken urteotan egindako lanaren errekonozimendua da. Etxekoen eta ikasleen errekonozimendua hor egoten da beti, baina herri mailan izateak esan nahi du zure lana ondo egiten zabiltzala eta horrek poza ematen du” adierazi du romotarrak.

Nahikari Ayok bertsolaritza irakasten du eskoletan eta ikastoletan. Aurtengoa urte berezia da berarentzat hamargarren urtea delako zeregin horretan. Astean behin sartzen da Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan eta DBHko lehenengoan eta erakusten die zer den bertsolaritza, bere oinarriak, eta ahal den heinean egindako hori plazaratzen dute kalean. Aixerrota Institutuko DBHko laugarren eta Batxilergoko lehenengo eta bigarren mailetan musika arloko bi proiektutan ere dago. Hasi zenean 200 bat ikasle zeuden eta gaur egun 800 bat. Bestalde, ALBE, Algortako Bertsolari Eskolan ere klaseak ematen ditu, Imanol Uriarekin eta Itsaso Payarekin batera, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile lanetan ibiltzearekin batera, aspaldi ez du publikoaren aurrean kantatzen, ikasleen aurrean bai. Berak adierazi bezala,
“ikasle batzuentzat bertsolaritza gauza arraroa da, ez dakitelako nondik datorren, zertan datzan…Azkenean lortzen dugu guztiei gustatzea, modu batean edo bestean..eta nik bertsolaritza transmititzeaz gain, gustatzen zait esatea zuen herrian badaukazue, nahi baduzue, euskaraz bizitzeko aukera.. Nik, ahal dudanean, familiarekin, lagunekin… euskaraz egiten dut.”

Nahikariren ustetan, azken urteotan euskararen sustapen lanean asko aurreratu da herrian, nahiz eta oraindik erabilera hobetu behar. Ume eta nerabeei dagokienez, bertso irakasleak dio jakin badakitela, gramatika, hizkuntza kontrolatzen dutela…baina arazoa dela ez dutela erabiltzen. “Nik esaten diet beraiek ere beren aldetik jarri behar dutela eta hitz egin behar dutela… Ni saiatzen naiz transmititzen euskara ez dela bakarrik eskolako kontua, kaleko kontua ere badela” gehitu du N.Ayok. “Euskara saria bezalako ekimenak ondo daude bultzada bat direlako. Aurten niri tokatu zait baina nik uste dut herrian badagoela euskararen aldeko lan handia egiten duen jende asko” amaitu du Nahikari Ayok".