2014-06-05

Elkarlana eta laguntza Getxon euskararen alde lan egiten duten elkarte eta ekimenentzako



Euskararen erabilera sustatzea da, dudarik gabe, gure Getxoko herrian daukagun erronkarik nagusiena, gure hizkuntzaren normalizazioaren aldeko politiketan. Erronka honi aurre egiteko beharrezkoa eta gustokoa gainera dekogu Getxon euskalgintzan aritzen diren elkarte eta ekimenekin lan egitea. Hortan gabiltza eta horrela jarraituko dugu aurten ere.

Hona hemen udaletik emandako informazio zehatza:

"Euskararen erabilera areagotzea, Getxoko Udalaren ESEP, Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren helburu estrategikoa, sustatzeko dira onartutako diru-laguntza berriak. Horien zenbatekoa 181.521 eurokoa da.

“Euskalgintzarekin elkarlana nahita nahiezkoa izan behar da, euskararen egoera hobetzeko Getxon. euskalgintzaren eta herritarren bultzakadarik gabe ez dago Getxo euskaldunago bat egiterik. Horregatik Udalak ematen dituen diru-laguntzak eta hitzarmenak bide honetatik mantenduko dira, euskararen normalizazioa delako gure helburuen artean lehentasuna daukan egitasmoa”, nabarmendu du Koldo Iturbek, Euskara zinegotziak.

Ildo horretan, Bizarra Lepoan elkarteak 66.240€ jasoko ditu, Gehitu Kultura eta Gehitu Kirola egitasmoen jarraipen eta dinamizazio lana egiteko, horien artean jarduerak euskaraz sustatzeko bere egunean hitzarmen-konpromisoa sinatu zuten taldeekin elkartzea eta baita aholkularitza ematea eta laguntzen eta zerbitzuen berri eskaintzea ere. Diru-laguntza BAPIRUKE programaren barruko jarduerak antolatzeko ere izango da, esate baterako, urtean zehar koloniak eta umeentzako ikastaroak eta tailerrak bideratzeko.

Bestalde, Boluntzarreta elkarteak 48.081€ jasoko ditu, UK-Uribe Kostako Aldizkaria argitaratzeko gastuei aurre egiten laguntzeko. Aldizkaria urtean gutxienez 19 bider ateratzen da, 3.000 alerekin Getxorako eta Uribe Kostarako, Getxori buruzko lau orrialderekin.

ALBE, Algortako Bertso Eskolak eta EGIZU elkarteak 33.600€ko laguntza bana jasoko dute. Lehena bertsolaritza sustatzeko eta bertso jaialdiak antolatzeko da, horien artean, Abra Sariketa, bertso-afariak, Balkoitik Balkoira, Bertso Jaialdi Mundiala, Bihotza Gazte eta Ahobien Gala. Egizuk laguntza eskuratuko du euskara ikasten ari diren getxotarren artean euskara sustatzeko jarduerak antolatzeko, esate baterako, Berbalaguna, euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak batzen dituen jarduera, Irakurzaleen Txokoa, euskaraz bizi ahal izateko baliabideen berri ematen duen informazio-orria kaleratzea eta Beharsarea (bitartekari lana langile euskaldunak behar dituzten eta lan horiek egin nahi dituzten herritarren artean)."