2015-02-05

ALBE, hogeita hamabost urte hitza bihurtzen arte. Zorionak, eskerrik asko eta aurrera!





Hona hemen, ALBEren 35. urteurrena aurkezteko aureko astean, Joseba Santxorekin batera eman nuen prentsaurrekoa edukina (Bideoan Joseba Santxok urteurrenaren helburuei buruz egindako adierazpenak) :

Egun on denori eta eskerrrik asko benetan prentsaurreko honetara etortzeagaitik.

ALBE, Algortako Bertsolari Eskolak aurten, 2015ean, betetzen duen 35.urteurrenaren berri eta urteurrena ospatzeko antolatu dutenaren berri emateko deitu dizuegu.

Horretarako nirekin dago mahaian, Joseba Santxo, urteurrena antolatzeko sortu duten batzordeko koordinatzailea eta ALBEren historian eta ibilbidean oinarrizko papera eta lana eduki duen getxoztarra.

Aldez aurretik beraz, eskerrik asko Joseba gaur gurekin egoteagaitik.

Jakina da Getxoko Udalak betidanik bertsolaritzaren alde egin duela eta egiten jarraituko dugula nabarmendu nahi dut gaur hemen ere.

ILdo horretan, beti goraipatu dugu ALBEk esparru honetan egiten duen lan ona. Urte hauetan guztietan hamaika ume, gazte eta nagusi pasa dira eskolatik bertsolaritza lantzeko.

Erreferente bat bihurtzea lortu du ALBEk, ez bakarrik kopuruagatik, kalitateagatik ere, oso emaitza onak, puntako bertsolariak lortu dituelako. Alde horretatik oso hurbil dugu, Bizkaiko azken Txapelduna, Fredi Paia, getxoztarra eta ALBEko kidea dela.

ALBE segur aski Euskal Herriko bertso eskola potenteena da edo indartsuenetako bat, eta bere lanak emaitzak eman eta ematen segituko du. Ildo horretan berezia, azpimarratzekoa eta txalotzekoa da Getxo moduko herri batetan bertsolaritza hain arrakastatsua izatea.

Une honetan 100 bat lagun (gazteak eta pertsona nagusiak) ari dira eskolara joaten astero eta inguruko ikastoletan 60 bat ume dabiltza eskolaz kanpoko bertso-eskolan. Honi gehitzen badiogu udalerriko ikastetxeetan eta institutoetan bertsolaritza eta ahozkotasun-klaseak jasotzen dituzten 700 bat gazte, eta antolatutako saio tradizional eta berritzaile ugari, esan dezakegu, bertsolaritza Getxon sustraituta dagoela.

Gainera, ALBEk herriko elkartegintzarekin elkarlana balorean jartzea lortu du eta hori ere aipagarria da.

Esan dezakegu, oso harro sentitzen garela ALBE udalerrian edukitzeaz, orain arte aipatutako guztiaz gain, ondarearen ikuspegitik, euskararen transmisioaren ikuspegitik eta kalitatearen ikuspegitik, balio erantsia ematen digulako ere.

ALBE duela 35 urte sortu zen Uribe Kostan bertsolaritza zabaltzeko eta gure herriko kultura sustatzeko. Uste dugu, duda barik, hori lortu eta lortzen ari dela arrakasta handiz eta seguru gaude bide horretan segituko duela. Udalak ALBE aurrera eramaten ari den jarduerari laguntzeko, beti bitartekoak, dirua, Martikoenako lokaka, kultur etxearen kolaborazioa e.a. jarri ditu eta jartzen segituko du pozik.

Zorionak beraz, eskerrik asko eta aurrera!!