2015-05-06

“Euskal Herrira itsasoz ailegatzeko atea Getxo da”



Berria / Bizkaiko Hitza

Bizi-kalitateari dagokionez Euskal Herrian Getxo "erreferentea" dela dio Imanol Landa alkateak (Getxo, 1966). Hirugarrenez alkate aukeratzen badute, horri eustea izango da haren lehentasunetako bat. Beste hiru ere aipatu ditu: "jarduera ekonomikoa bultzatzea, gizarte kohesioa sendotzea eta gardentasuna eta partaidetza indartzea".

Bizkaian hil den azken etxebakoaren gorpua Getxon agertu da, hondartzan.

Gizarte modura gogoeta sakon bat egin behar dugu. Eta instituzio guztien arteko erantzun bateratua eman behar dugu. Ezin da izan ezberdina etxebakoa bizi den herriaren arabera. Berdina izan beharko litzateke ematen zaien zerbitzua, herri batean egon edo beste batean. Getxoko Udalak baditu hainbat programa martxan. Ez bakarrik diru laguntzen bitartez. Baditugu hitzarmenak eta elkarlanak herrian lan egiten duten elkarteekin. Horren adibide da Algortako portu zaharrean mojek duten jantokia. Sortarazi elkartearekin ere lan egiten dugu. Badaukagu kalean bizi direnei negua datorrenean aterpea emateko programa, ostatuen bitartez.

Duela hilabete eskas bukatu zen zabor biltzaileen greba. Enpresak esandakoaren arabera, udalak horretarako aurrekontua jaitsi duelako egin behar izan ditu murrizketak lantaldean.

Guk zerbitzuaren kudeaketa eskaintza atera genuen aurreko hamar urteetan urtero ordaintzen genuen kopuruan. Gero, enpresek aurkeztu zituzten euren proposamenak. Kasu honetan, esleipena egin zen %15eko jaitsierarekin. Ez dut uste oso nabarmena denik. Eta gauza bat argi dago: lehen momentutik nik esan nuen lan gatazka baten aurrean geundela eta hori konpontzeko lekua negoziazio mahaia dela. Mahai horretan bilatu behar zen irtenbidea, eta azkenean halaxe egin zen. Udalak kontratuan koma bat ere ez du aldatu. Adostasuna lortu badute, zer esan nahi du? Kontratua ez dela arazoa izan. Badakigu oso luze joan dela. Gu ere Getxoko bizilagunak gara, eta guk ere sufritu dugu herritar moduan. Alde horretatik, barkamenak eskatzen dizkiet getxotarrei. Ez zuten zertan egoera hori sufritu.

Getxo antzokiko lanak aurreikusitakoa baino askoz garestiago direla salatu du behin eta berriz oposizioak. Zelan justifikatzen dituzu gastu horiek?

Getxo antzokiaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? Horrela esanda, antzokiaz bakarrik ari garela dirudi. Baina obra horien barruan daude musika eskola, San Nikolas inguruaren urbanizazioa eta aparkalekuak. Hasierako proiektuak ez zituen horiek guztiak aurreikusten. Gogoan dut antzokiaren proiektua proposatu genuenean, PPk aparkalekuak eskatu zituela. Azkenean, egin dira, eta hori ez zegoen aurreikusita. Antzokiak berak ere aldaketak izan ditu, auzokideen eskaeren arabera. Hasierako proiektua aldatu egin da, hobetu egin da, herritarrek hala eskatuta. Eta horrek gastuak sortzen ditu.

Garraio partzuergoak Ibarbengoan egin asmo duen aparkalekuak ere protestak eragin ditu. Herrian geratzen diren azken ortuak desagertuko direla salatu dute, besteak beste.

Bitxia da ikustea, adibidez, Zubietako esparruan alokatzeko ortuak eskainiko direla, eta horren kontra agertu direla hainbat elkarte. Batzuk alde, beste batzuk kontra. Ortuak bai, baina hemen ez. Batzuetan oso gauza bitxiak ikusten ditut herrian. Baina nik uste dut lehen sektoreari buruz gogoeta egin aurretik gauza batzuk argitu behar ditugula. Zein da lehen sektorearen errealitatea Getxon? Badugu sektore indartsu bat? Herri nekazaria da? Nik ez dut ortuen kontra ezer, baina ikusi behar da ekinbiderik dagoen, zenbateko babesa duten, non egin nahi diren eta norenak diren lurrak. Ni gogoeta egiteko prest nago, baina argi daukat Tosuren inguruko auzia ez doala hortik. Zuzenean aparkalekuaren kontrako mugimendua da. Hori izan da behin eta berriro zabaldu duten mezua. Eta nik uste dut aparkalekua ezinbestekoa dela. Aparkaleku horrek inguruko bizilagunei zerbitzua emango die, eta baita eskualde guztitik Getxora metroa hartzera etortzen direnei, hemen maiztasun handiagoa dutelako. Bizilagunek esan izan didate jende askok egun osoa euren auzoan edukitzen dutela aparkatuta, metroa hartzera autoz etortzen direlako. 70 zentimogatik autoa egun guztirako utzi ahal izango dute aparkaleku horretan.

Noiz egingo dute lo lasai Gobela inguruko bizilagunek?

Alkate honek zuzenean bizi izan zituen 2008ko uholdeak: ekainaren 1ean eta 8an. Ez dut inoiz ahaztuko. Eta arazoari konponbidea bilatzeko konpromiso sendoa hartu nuen. Aurretik ere gauza garrantzitsuak egin dira. 1994an eraiki zen Erromoko isurbidea, eta, horri esker, Erromo eta Areetako bizilagunek ez dute uriolarik eduki gehiago. Edozein modutan, 2008an konpromisoa hartu genuen arazo honi aurre egiteko. Batzorde berezi bat osatu genuen, auzokide guztiekin eta alderdi denekin. Eta Ura agentziarekin elkarlanean gabiltza. Proiektua zehaztu zen, osoko bilkuran onartu zen, eta fasez fase garatzen ari gara. Salsidun eta Negurin egin ditugu lanak; orain Erromon gabiltza. Errekaganekoa urte bukaeran amaituko da. Eta esleipen prozesuan dago Fadurakoa. Egindako obrek eragin zuzena daukate. Auzokideek esan izan didate segurtasunean eta lasaitasunean asko irabazi dutela. Teknikarien arabera, Errekaganeko obra hori erabakigarria izango da.

Turismoaren aldeko apustua egin du udalak, eta datu onak lortzen ari zarete. Getxo herri turistikoa izatea da helburua?

Ez Getxon bakarrik: Bilbon, Bizkaian, Euskal Herrian turismoa sektore ekonomiko interesgarria da. BPGaren %7an dabil. Badago aukera jarduera ekonomikoa sustatzeko eta aberastasuna lortzeko. Eta Getxok badauzka lehen mailako baliabideak horretarako: Bizkaiko Zubia, portu zaharra, kirol portua, Galeako pasealekua eta beste hainbat gauza. Gurtzeruen kaia ere hor dugu. Euskal Herrira itsasoz ailegatzeko atea Getxo da. Baina guk ez dugu nahi atea izatea bakarrik, baizik eta gure atartean jendea geratzea. Eta bagabiltza horretan lanean.

Euskararen ordenantza onartu nahian ibili zarete azkenaldian, baina azkenean ez duzue lortu.

Ez dugu adostasunik lortu EH Bildurekin. Baina Getxon oso harro gaude herriak euskararen alde duen konpromisoarekin. Erakundeen aldetik egiten den ahalegina oso garrantzitsua da. Aurrekontua itzela da: 1,6 milioiren bueltan gabiltza urtero. Euskalgintzarekin lan egiten ari gara. Haiek ere sekulako lana egiten ari dira. Merkataritzara, kirol esparrura, kulturara eta bizitzako beste hainbat arlotara euskara zabaltzeko indar handia egin dugu.

Iaz Europako Kirol Hiria izan zen Getxo. Zer balantze egin duzue?

Aitorpen hori oso garrantzitsua izan da guretzat. Herrian kirol arloko eragileek sekulako lana egiten dute, Getxo Kirolak erakundeak eta bestelako elkarteek. Eta hori aitortu zaigu. Lerro berriak zabaltzeko balio izan digu. Kirolaz gain, osasunaz ere hitz egiten ari gara. Ariketa fisikoa sustatzea izan da garrantzitsuena. Alde horretatik, aitzindariak gara Euskal Herrian. Adibidez, Osakidetzagaz batera, Kirol Errezeta ipini genuen martxan, eta harro gaude horretaz. Guk proposatu genuen ekinbidea izan da, eta orain beste herri batzuetara zabaltzen ari dira. Harro gaude lortutakoarekin.