2015-07-29

"Desioak sutan Sahararentzat" ekimena aurkeztu dugu gaur Zarautzen Eñaut Elorrietaren abestiarekin



DESIO BAT DUT

Desio bat dut.
Airean doa
sutan bilduta
zuretzat.
Piztu eta utzi hegan egiten
basamortua argi dezan.

Desio bat dut.
Gauean doa
milaka enaren antzera
habia aske eraiki dezan
maparik gabeko herrietan.

Desio bat dut.
Zeru ertzean
izar intifadak
begietan sutan.

Esan ezin den
desio bat dut
gaur gauean
Sahara, zuretzat

عندي أمنية

عندي أمنية...
تسبح ليلا ملفوفة بالنار.
لك انت
فاشعلها ودعها تطير
لتنير ظلام الصحراء

عندي أمنية
هناك تذهب على الهواء
كما الفنا طيور السنون
لجعل الحرية أعشاش
في البلدان التي ليست لها خرائط

عندي أمنية
في تلك اليالي
إنتفاظة لنجوم
حرقة في العيون

عندي أمنية
لامكنك أن تقول
الصحراء نسبت لك.


TENGO UN DESEO

Tengo un deseo.
Allá va en la noche
envuelto en fuego
para ti.
Enciéndelo y déjalo volar
para que ilumine el desierto.

Tengo un deseo.
Allá va en el aire
como miles de golondrinas
para que haga nidos de libertad
en los pueblos que no tienen mapas.

Tengo un deseo.
Allá va en el horizonte
una intifada de estrellas
ardiendo en los ojos.

Tengo un deseo
que no se puede decir
Sahara, para ti.



Duela 3 urte hasi zen Zarauzko udala eta Euskal Fondoaren arteko elkarlana udan ere Saharar auzia mahai gainera ekarri nahian. Momentu hartan S3 (Sahara kubora) ekimena izan zen. Ehundaka kubo gorri banatu genituen Zarauzko hondartzan, eta Oporrak Bakean programaren baitan etorritako haurrekin batera SOS SAHARA hitzak idatzi genituen hondarrean.

Ekimena oso arrakastatsua izan zen eta hurrengo urtean zerbait gehiago egin behar zelakoan, Zarauzko udalak Desioak Sutan ekimena pentsatu, garatu eta gurekin partekatu nahi izan zuen. 2,000 su bola aireratu ziren Zarauzko malekoia elkartasunez piztuz eta, ikuskizun ederra eskaintzeaz gain, desioak sutan eta hegan jartzeko aukera eman zitzaion nahi zuen guztiari.

Helburua argia zen: su bola bakoitza euro batean saltzea eta euro hori Saharautz elkartera bideratzea, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dituzten egitasmoak laguntzeko. Azken batean, beraz, elkartasuna, festa, parte-hartzea eta ikuskizuna uztartzen zituen ekimen berritzailea zen, su artifizialak beharrean benetako suak erabilita.

Harrakasta hainbestekoa izan zenez pasa den urtean bigarren aldiz Desioak sutan jarri genituen. 3,000 bola izan ziren aireratuak. Eta jendea bola gehiago erosi nahian geratu zen. Sare sozialetan eta hedabideetan ere oihartzun nabarmena izan zuen berriro ekitaldiak, sahararren egoera eta borroka lau haizetara zabalduz.

Gauzak horrela, Larrabetzuko udalak ekimenean parte hartzeko interesa adierazi zuen. Beste udalen batek ere bai. Eta horrela aurtengo ekimena euskal udal guztietara zabaltzea erabaki genuen.

Udal hauteskundeak medio zailtasunak sortu dira; hasiera baten parte hartzeko asmoa zuten udalek azkenean ezin izan dute garaiz prestatu eta ezin izango dute aurten parte hartu, baina espero dugu aurrerantzean abuztuaren 16an, urtero, gero eta herri gehiago batzea Desioak Sutan Sahararentzat ekimenera, eta egun horretan, ordu berean (22:00etan), Euskal Herria bihurtu dadila Sahararekiko elkartasun ikuskizun eder bezain parte-hartzailea, milaka su bola zeruratuz.

Gogoan izan behar dugu zergatik bildu garen hemen eta zergatik aireratuko ditugun desio horiek zerura. Aurten 330 saharar haur etorri dira euskal herrietan uda pasatzera. Haur hauek Algeriatik datoz; duela 40 urte Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu eta okupatu zuenetik milaka eta milaka sahararrek erbesteratu eta Algerian errefuxiatu behar izan zuten (duela ia 80 urte euskal familia askok egin behar izan zuten bezala). Beraz haur hauen etorrera bultzatzen duena ez da arazo ekonomikoa, ezta osasun arazoa; arazo politikoa da hona ekarri dituena eta irtenbide politiko bat eman behar zaio beraien herrira itzul daitezen eta beraien hondartzetan jolas egin dezaten.

Hortaz Mendebaldeko Saharak okupatuta jarraitzen duen bitartean eta sahar herritarrek okupazioaren ondorioak edo erbestea pairatzen dituzten bitartean, guk desio bakarra aireratuko dugu: SAHARAREN ASKATASUNA!